Hezkuntzari buruz hausnartzen dugunean, planteatu beharko genukeen lehendabiziko galderetako bat da: «Zertarako hezi nahi dugu, dagoena erreproduzitzeko edo eraldatzeko?». Gure ustez, eraldaketa soziala bultzatu behar du hezkuntzak, eraldaketa ezinbestekotzat jotzen baitugu. Hona hemen gure arrazoiak: gaur egungo eredu sozioekonomikoa eraldatu beharra dago gehiengoaren esplotazioan oinarritzen den sistema delako (irabazien zati handi bat plusbaliaren bilaketatik baitator); kapitalismoa eraldatu beharra dago etengabeko hazkundea behar duelako, eta logika horrek talka egiten duelako planeta honen muga fisiko-naturalekin (kritika ekologikoa); jendarte eredu hau eraldatu beharra dago, aberastasun ekonomikoaren eta boterearen kontzentrazioa bultzatzen duelako, justizia soziala ezinezko entelekia bilakatuz; kapitalismoa zalantzan jarri beharra dago komunak diren baliabideak pribatizatu egiten dituelako; eta eraldaketa soziala bultzatu beharra dago, jendarte eredu honek desberdintasun sozial handiak sortzen dituelako, modu bidegabean gainera, bai gizarte industrial eta post-industrialen barnean, bai munduko herrien artean, eta baita sexu eta genero artean ere.
Egoera honen aurrean, hezkuntza sistema formalaren eta ez-formalaren lehentasun nagusietako bat eraldaketa sozialaren beharraz kontzientziatzea eta eraldaketa bultzatzea izan beharko luke.
JONE CASAS
ITURRIA: Luxan, M., Imaz, J., eta Gonzalez-Bilbatua, O. (2015-10-28). Hezkuntza eta eraldaketa soziala.Berria. Honako webgune honetatik berreskuratua: http://www.berria.eus/paperekoa/1832/020/003/2015-10-28/hezkuntza_eta_eraldaketa_soziala.htm